Joxe Aranzabal - HUHEZI ¦ 2002-11-29 ¦ 12:06 ¦ kultura
Mondragon Unibertsitatearen Haur Liburu Mintegiak kaleratu du Irakur Gida, gidaliburutxo bat jasotzen duena 2001ean haur eta gazte literaturan euskaraz argitaratu zen onena. Ezinbesteko gida, Durango gainean dugunean.
Guztira 229 libururen berri ematen digu gida honek, 47 orrialdean zehar. Liburu gehienak, 140, zerrenda orokorrean datoz, non ematen diren daturik oinarrizkoenak: egilea, izenburua, ilustratzailea eta argitaletxea. Ondoren datoz liburu gomendagarriak, 56, sei taldetan banatuta, adinen arabera. Eta azkenik, liburu oso gomendagarriak, 33, hauek ere sei taldetan, baina iruzkin batekin lagunduta.
Haur Liburu Mintegia
Hemezortzi lagunek osatzen dute Haur Liburu Mintegia, denak irakasleak eta liburuzainak, eta ororen gainetik, irakurzale amorratuak. Hauen lana izan da lehenik, irakurtzea 2001ean euskaraz argitaratu den guztia haur eta gazte literaturan; hurrena, kontrastatzea irakurritakoa; eta azkenik, baloratzea, beti ere kontuan hartuta literatura-kalitatea, hizkuntza nola erabiltzen den eta gaiari ematen zaion tratamendua. Eta hori guztia gogoan izanda, sailkatu dituzte liburuak hiru multzotan: zerrenda orokorra, liburu gomendagarriak eta liburu oso gomendagarriak.
Mintegiko kideek adierazi dute adin sailkapena orientagarria dela, “bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak etab., sailkaezinak baitira”. Haien ustez, oinarrizkoa da haurrek askatasun osoz aukeratzea liburuak eta funtsezkoa, nahi bada sortu haurrengan irakurtzeko grina.
Ahaztu barik, jakina, irakur gida honek ez duela ordezkatu nahi irakurtzeko plazerra eta atsegina, hori haurrak berak bizi behar du eta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario