viernes, 11 de mayo de 2012

JOLAS SINBOLIKOAREN TXOKOA


Gure eskolako 2-6 urteko ikasgelan, beste batzuen artean, jolas sinbolikoaren txoko aurkitzen da. Dakigun moduan, haurrak imitazioz ikasten dute, eta imitazio prozesu horretan, jolas sinbolikoa sortzen da, hau da, aita- ama jolasa. Haurrek, hasieran, beraien gertuko pertsonak imitatzen dituzte, aita, ama, anai-arreba, aitona-amonak eta hauen jarrera eta hizkuntzan oinarritzen dira horretarako. Denbora pasa ahala objektuak erabiltzen hasten dira, eta hauek bizitza izatera pasatzen dira, adibidez, makila bat ezpata bat izan daiteke, edo aulki bat zaldia …



Gure ustez garrantzitsua da haurrek txiki txikitatik beren emozio, kezka, ardurak etab. atera ditzaten jolas sinboliko hauen bidez, eta horretarako sortu dugu txoko hau, konpañian eta imajinazio osoa erabiliz, beraiek nahi duten bezala jolas egin dezaten, aldi berean, aurretik esan bezala, emozio, tentsio eta beste hainbat sentimendu kanalizatuz.



Jolas sinbolikoaren txokoan, besteak beste aurkitzen den materiala hurrengokoa da: sukaldetxoa, panpinak, ohea, armairua, panpinarentzako beharrezko materiala( sehaska, pixontzia, aulkia …). Horretaz gain, etxetxoan bertan kaxa handi bat dago eta bertan, hainbat mozorro daude, beraien imajinazioa erabiliz bururatzen zaien pertsonaia izateko orduan errazago eta dibertigarriago izan dadin.



Horretaz gain, interesgarria iruditzen zaigu haurra egunerokotasun errealean kokatzea, eta horretarako, denboraldi baten ondoren, txoko honetako materiala aldatzea ideia egokia iruditzen zaigu, adibidez, gelakideren bat gaixo dagoenean, etxetxoa erizaintza bihur dezakegu, edo denda, edo ile-apaindegi bat … Eguneroko gauza txikiak aprobetxatuz egin daitekeen gauza bat da

martes, 8 de mayo de 2012

HERRI KIROLAK ESKOLAN

Herri kirolak berreskuratu nahian dabiltza bizkaiko foru aldundian. Izan ere gaur egun ez daude "modan" kirol mota hauek. Gehienetan, herriko jaietan ikusten ditugu gehienetan: aizkolariak, harri jasotzileak... baina badira batzuk oraintxu ikusten ez direnak, adibidez: txingak, txokor batzea... Nire eskola garaian oso normala zen herri kirolak praktikatzea, batzuetan soin hezkuntzako orduetan. Institutuan gutxiago erabiltzen genituen, jaietan bakarrik eramaten genuen praktikara. Egiten genituen kirol nagusiak honakoak ziren: txokor batzea, txingak eta soka tira. Banan banan azalduko ditut:


- Txokor batzea: Taldeka antolatzen da jolasa. Nahi ditugun talde beste egingo ditugu eta bakoitzean pertsona kopuru bera egongo da. Artoak edo txokorrak ilaratan jarriko dira eta lehengo txokorraren alboan otzara bat egongo da. Denbora mugatu batean, partaide bakoitzak, txokorrak banan banan hartu beharko ditu eta otzarara bota. Denbora laburrenean txokor gehien biltzen duena irabazlea izango da.

-Txingak: Taldekide bakoitzak bi eskuetan pisu bereko bi objetu pisutxu hartuko ditu eta ibilbide bat egingo du. Denbora batean ibilbideari buelta gehien ematen diona irabazlea izango da.

- Soka Tira: Talde bitan bananduko gara, partaide kopuru berdina izanik. Soka bat hartuko dugu erdian zapi gorri bat jarriz. Bat, bi eta hiru esatean, talde bietako partaideek sokatik tira egin beharko dute, zapia haien zelaian sartzen denean irabaziko du.
Herrietako jaietan, asko ikusi izan dudana, karretila batekin, bat gainean sartuta eta besteak bultza eginez lehiaketa egitea da, Oso dibertigarria da eta kirol asko egin daiteke honela, karretila daramanak bai behintzat.

Oso gustora egoten ginen gure ume denboran kirol hau praktikatzen. Ohitura zaharrak berreskuratu behar direla konturatu behar gara, horretarako aukera ezin hobea da eskola. Eskolako urteak adierazgarri izango dira umeentzat, kirol hauen bitartez haien trebetasunak praktikan jarriko dituzte. Oreka, lateralitatea eta gorputz eskema menperatzen duten konprobatu ahal izango dugu. Umeak korrika joan beharko dira ibilbideak egiten, oreka mantendu beharko dute eta gorputzaren koordinazioa nola dagoen ikusi ahal izango dugu. Gorputz eskema ondo osatua dagoen ala ez ikusi ahal izango dugu joku hauen bidez.
Zaletasuna sortzen badugu txikitatik, kirol hauek galtzeko arrisku gutxiago egongo da eta kirol ezberdinenganako interesa sotuko da.

Gaur egungo umeek, telebistan ikusten dutena edo nagusiek egiten dutena egiten dute. Kirolekin gauza bera gertatzen da: futbola da gehien ikusten dena eta hori da umeek praktikatzen dutena. Aintzina, herri kirolak edonon ikus zitekeen ondorioz zaletasuna handia zen. Gure herrietako ohiturak eta kirolak galdu ez daitezen borrokatu behar dugu, horretarako biderik zuzen eta egokiena kirol hauek eskoletan praktikatzea izango litzateke.

 

domingo, 6 de mayo de 2012

SORMENEZKO JOLAS KOOPERATIBOAK. ADIBIDEAK:


Adibidez, talde kohesioko jolas bat txiklearena da. Bakoitza txikle zati bat da eta gelan saltoka ibiltzen da hanka biak elkarturik eta ñam-ñam esanez. Txikle zatitxo batek beste bat ukitzen badu elkartu egiten dira, azkenean denek txikle handi bat osatu arte. Jolas hau saioaren hasieran taldearen kohesioa indartzeko da. Haur bakoitzak taldeko partaide sentitu behar du. Bakoitzak laguntza eman eta jaso egiten du helburu komun bat lortzeko; txikle handi bat osatzea, alegia.



Hondarrezko zakutxoaren jolasa laguntza jolasa da. Bakoitzak buruan hondarrezko zakutxo bat dauka eta gelan ibiliz doa. Zakutxoa erortzen zaiona izoztuta gelditzen da eta beste lagun bat izoztuta dagoela konturatu eta laguntzera joan arte mugitu barik egon behar du. Laguntzera doanak berriro zakutxoa buru gainean jartzen dio eta ostera mugitzen hasten da. Jolas honen interpretazioa honakoa da: ikusi egin behar dute nork behar duen laguntza, hots, zein dagoen izoztuta. Ondoren, laguntzeko jarrera eduki behar dute gerturatu eta zakutxoa jartzeko. Horrez gain, lagundu bitartean zakutxoa eror dakioke laguntzen ari denari, hau da, izoztuta gera daiteke; beraz, kontuz ibili behar du.



Hitzen bazarra izeneko jolasa lankidetza jolasa da. Bost haurreko taldea egiten da eta bakoitzari kartazal bat ematen zaio barruan bost hitzekin. Denen artean 25 hitz dituzte eta bost esaldi osatu behar dituzte, hitzik soberan gelditu gabe. Esaldiak osatzeko beharrezkoa dute beren hitzak lagunei ematea eta haienak jasotzea. Jolas hau hitzak hartu eta ematean datza, laguntza hartu eta jaso behar dute helburu komuna lortzeko.



Ahozko komunikazioko jolas bat ipuina osatzearena da. Bakoitzak ipuin zatitxo bat kontatu behar du, batak bestearen jarraian eta azkenean ipuina osatu. Pertsona bakar batek kontatutako ipuin batek bezala gelditu behar du. Beraz, haurrek adi egon behar dute aurrekoek esaten dutena entzunez. Horrela, besteei entzuten ikasten dute.



Ahozkoa ez den komunikazio jolas bat animalien bikoteak osatzearena da. Bakoitzari animalia bat dela esaten zaio eta animalia bakoitzeko bi pertsona egongo dira. Guztiei begiak estaltzen zaizkie eta bakoitza bere animaliaren hotsa egiten hasten da bere bikotea bilatu arte. Jolas honek entzumen aktiboko jarrera bultzatzen du; haurrek adi egon behar dute besteek esaten dutena entzuteko
2011 Denbora

martes, 1 de mayo de 2012

UDALEKUAK

1. Udalekuak elkarrekin bizitzeko eta baloreak ikasteko tokiak dira, beraz elkarbizitza eta lankidetzako arau batzuk dituzte. Parte hartzaileren batek arau horiek behin eta berriz beteko ez balitu, etxera bidali ahal izango litzateke. Etxerako itzulia guraso edo tutoreen kargura izango litzateke.


2. Parte hartzaileek izen ematean osatzen dituzten taldeak errespetatzen ahaleginduko gara beti. 7-11 urteko umeak sexu bereizketarik egin gabe banatuko dira logeletan. Aldiz, 12 eta 13 urteko umeak sexuaren arabera bereizita banatuko dira logeletan, baldin eta instalazioak horretarako aukera ematen badu.

3. Udalekuaren dinamika ez eteteko ez da bisitarik onartuko. Nolanahi ere, beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dira umeak, horrela nahi badute, beraien guraso edo tutoreekin komunikatu ahal izateko, bai gutun edo telefono bitartez, instalazio bakoitzak dituen baliabideen arabera.

4. Antolatzaileen ustez, komenigarria da udalekuetara neska-mutilek sakelako telefonorik ez eramatea, egonaldian sor daitezkeen eragozpenak saihesteko. Hala ere, guraso edo tutoreek, antolatzaileen gomendioari muzin eginez, seme-alabek sakelako telefonoa eramango dutela erabakitzen badute, aditzera eman nahi dizuegu telefono horien erabilera mugatua izango dela.

5. Haurrek arropa guztia bere izen-deiturekin edo horien inizialekin markatuta eraman beharko dute. Kuotak gastu guztiak barne hartzen dituenez, jardueran parte hartuko dutenek dirurik ez eramatea aholkatzen da.

6. Plaza eskuratu eta kuota ordaindu ondoren ez da aipatutako zenbatekoa itzuliko, baldin eta ondo frogatutako arrazoirik eta Gazteria Zerbitzuak ezarriko duen irizpidearen arabera, beti ere, gorabehera hori behar besteko aurrerapenez jakinarazten bada. Eskolan emaitza txarrak lortzea ez da dirua itzultzeko arrazoitzat hartuko.

7. Udalekuaren garapenerako beharrezkoak ez diren gauzak edo baliozkoak ez eramatea gomendatzen dugu, antolatzaileak ez baitira horien erantzule egingo.

8. Gazteria Zerbitzuak programa honetako alderdi batzuk aldatzeko ahalmena du, horien ordez antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk jarriz.

2012ko apirilaren 2ko FORU AGINDUA. Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Ataleko "Udalekuak 2012" eta “Gazte Oporraldiak 2012” udako kanpainak arautzen dituen kudeaketa prozedura.